XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Negoziatu, bakoitzak bere lekua daukaten etsaiek egin behar izaten dute: bakoitzak bestearen leku-pixka baten beharra daukalakoxe.

Bestela ez da negoziatzen.

Inoren etsai hori, ordea, ez da printzipioetako demokrazia.

Alegia, orain demokrazia bat ba omen dago.

Baina oraindik negoziaketa exijitzen duen problema zahar hori baldin badago, ez da demokrazia dagoelako, demokraziari hain zuzen soluzio bat ematea tokatzen zitzaion problema bat zegoelako eta dagoelako baino, aspaldidaniko urteetatik eta urteotararte, eta demokraziak ere ezin soluzionatuko duena, printzipioekin, negoziaketarekin baino.

Printzipioak ondo daude, problemak printzipioenak direnean.

Baina Armada espainola ez da printzipio bat, Parlamentu espainola ere ez (ilusioak aparte, parlamentu bat ez da botere-tresna konkretu bat besterik).

Negoziaketa ere ez: ongi begiratuta, nahi bizi eta garrasi bat besterik ez da, bakean bizi nahi baina demokrazia jantzi duen Leviatan honi ere makurtuko ez zaion herri batena (Zoritxarrez, herri honena bakarrik, oraingoz).

(Eta zoritxarrez, egunotantxe Iranek irakasten du berriro Estatu Batuekin, negoziaketa nahi duen herriak nola obligatzen duen, nahi ez omen zuena, negoziatzera).

Itxurak itxura, moralak eta printzipio demokratikoek, letra handizkoek, ez sartu eta ez irten egiten dute hemen ezertarako.

Borondate politikoaren (zer nahi den) eta kalkulu politikoaren (zer ahal) kontu soila da.

Negoziaketaren aurka agertzen direnak, ager daitezke, printzipio desberdinengatik.

Egon, aurka dagoena, Espainiaren sakratu hura da (Konstituziotik hasita, horixe besterik ez da, printzipio guztien balioaren markoa).

Gaurko marko honen ukoa ulertu behar da, funtsean, jende batek negoziatu, bai!, esaten duenean.

Eta vice versa, bestea diotenean.

Horregatixe dirudi, printzipio hutsetako demokrazia batean hain erraza izan beharko lukeenak, hain zaila hor beheko demokrazia zabal horretan, eta hemen goiko baso itxian.

Gorabehera honetan boto-kopuruarekin, etab, argudiatzea, auzi guztia lekuz kanpora eramatea da: HB, edo ETA, gutxientiarrak direla, ezin inposa liezaioketela beren proiektua gehiengoari.

Apropos ekibokoak sortzea ematen du, garbitasuna inon bainoago behar denean (goiz honetan bertan, soldaduzkaren aurkako manifestariak tiroka sakabanatu dituzte).

Izan ere, horiek legitimitate-arazora ginderamazkete.